URIBE KOSTA Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako ... · ulermena lantzeko, bai eskualdeko lexikoa...
Transcript of URIBE KOSTA Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako ... · ulermena lantzeko, bai eskualdeko lexikoa...
1
ZER IKUSI, HA IKASI!
URIBE KOSTA
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako
Eskualdeko Material Osagarria
PROIEKTUAREN IZAERA DIDAKTIKOAZ
Helburu eta eduki orokorrak
Zer ikusi, ha ikasi! Uribe Kosta eskolarako material osagarria da (edo etxean
gurasoekin erabiltzekoa), hezkuntza zikloen arabera eraturik datorrena, indarrean
dagoen Hezkuntza Curriculumak zehazturiko edukiak lantzeko.
Helburu orokor nagusiak hauek dira: eskualdean bertako gaztetxoak euren
ingurune hurrekoan integratu eta partaide bihurtzea, euren-eurenak diren kultura-
gizarteen izaera eta elkarbizitza erak ezagutu eta balioestea, eta bizimodu eta tradizioen
gaineko gogoeta eragitea. Natura, gizarte eta kultura ingurunea ezagutaraztea hartzen da
ardatz moduan, baina bestelako oinarrizko gaitasunak ere lantzen dira:
2
— Ikasten ikasteko gaitasuna
— Matematikarako gaitasuna
— Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna
— Informazioa tratatu eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna
— Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna
— Giza eta arte-kulturarako gaitasuna
— Norberaren autonomiarako eta ekimenetarako gaitasuna.
Ardura berezia hartu zaio, gainera, Hizkuntza-komunikaziorako gaitasunari,
ahozkotasunaren eta erregistroaren trataeran.
Hara hemen curriculumetik diren-direnean hartutako edukien zerrendatxoa, gure
proiektuan berenberegi landu gura izan direnak:
- “Berezko ezaugarriak dituzten gizarte- eta kultura-taldeetako kide izatea aintzat
hartzea; norberaren kulturaren ezaugarriak eta gainerako ezberdintasunak
balioestea, gainerako identitate, kultura eta herriak errespetatzea, eta giza
eskubideak errespetatu behar direla gogoratzea, hezkuntzaren kultura arteko
dimentsioa sustatzeko asmoz”.
- “Euskal Herriko natura-, gizarte- eta kultura-ingurunearen elementu nagusiak
identifikatzea, ingurunearen antolaketa, ezaugarriak eta harremanak aztertzea eta
ingurumenari zein bizi-kalitateari buruzko erabakiak hartu eta ulertzea, gero eta
konplexuagoak diren espazio-eremuen ezagueran aurrera egiteko”.
- “Ikaslearen inguruko natura-, gizarte- eta kultura-ingurunean denboraren
poderioz gertatutako aldaketa eta eraldaketak hautematea eta kritikoki
balioestea; eta aldaketa horien aldiberekotasun- eta segida-harremanak aztertzea,
hortik eratorritako ezagutzak gainerako memento historikoak ulertzeko unean
aplikatzeko”.
- “Arte-produktu eta ideiak, oro har, sentimenduak eta bizipenak jakinarazteko
eta adierazteko bide direla ulertzea, eta produktuok Euskal Herriaren ondarea
osatzen dutela ikastea. Horrez gainera, produktu horien funtzio sozialak eta
erabilerak ezagutu eta estimatu izatea”.
- “Euskal Herriko tradizio ludikoek eta fisiko nahiz kiroletakoek duten gizarte-
eta kultura-usaina aintzat hartzea”.
- “Ahozko komunikazioarekin zerikusia duten hizkuntza-trebetasunak lantzea.
Norbere inguruko hiztunekin izan beharreko jarrera lantzea. Hizkuntza jakin bat
3
erabiltzea, nortasuna garatzeko eta talde linguistiko eta kultura kolektiboan parte
hartzeko”.
- “Matematika gure kulturaren partetzat hartzea, gizartearen historian izan duen
eta egungo gizartean duen egitekoa kontuan hartuta”.
- “Gizartearen aniztasuna onartzea eta aniztasunak bizikidetza aberasten duela
aitortzea. Komunitate bateko kide sentitzea, horren dinamikak aztertzea.
Ingurumenaren egoeraz ohartzea eta kontsumo osasungarria eta ingurune hurbila
zaintzea eta errespetatzea”.
Ahozkotasunaren eta erregistroen trataera
Gorago aipatu dugun legez, berebiziko garrantzia eman diogu ahozkotasunari.
Lehenengotatik argi ikusten genuen ikus-entzunezko materiala izango zela aurkeztu
beharrekoa. Izan ere, egungo bizimoduak ekarritako aldaketak direla-eta, igarri-igarria
da ahozkotasunaren berezko transmisioa galdu edo erdi-galdu egin dela, eta ez dira
gutxi hezitzaile eta profesionalen artean, oinarrizko hezkuntza amaitu duten gazteen
berbaz komunikatzeko gaitasunik ezaz kexu direnak. Orain artean ikasgelan landutako
hizkuntza eredu (ia) bakarra idatzia izan da, batuarena, eta ikasleak idatzizkoaren
arauekin eta ezaugarriekin hezi izan dira, kontuan izan barik eredu idatzia eta ahozkoa
kode ezberdinak direla. Ohikoa da euskaraz hitz egitea bai, baina erdararen intonazioaz
eta erdararen ebakeraz egitea. Gero eta nekezago entzuten dira geure-geureak diren
eguneroko esamoldeak, ahozko joskera egiturak, errepikapenak…
Susmo handiak hartuta gaude, eskolan ahozkotasuna lantzeko material egokiaren
hutsune gorria dagoela gurean; edo zela-halako materialik dagoenean ere, gehienbat
ahozko adierazpenak jasotzen direla, edo buruz ikasteko edo idatziz lantzeko, baina ez
ikasleak ahozko komunikazioan trebatu daitezen. Ahozkotasunaren alorrean bide
berriak urratu nahirik aurkezten dugu Zer ikusi, ha ikasi! Uribe Kosta.
Herririk herri eta eskualderik eskualde bertako hizkuntza eta etnografiaren
bilketan du oinarria proiektu honek. Gure iritziz ezin erabilgarriago eta baliagarriagoak
dira gure aitita-amamei jasotako irudiak eta berriketaldiak gazteen artean zabaldu eta
eredutzat eskaintzeko. Haiexek dute euskara jatorraren eredurik onena, hizkerarik
ederrena, eta batez ere komunikazio gaitasunik indartsuena. Duda barik, ikasleek izan
ditzaketen erreferenterik ganorazkoenak eta sendoenak aurkituko dituzte unitateotan
zehar.
4
Bideoen bidez ikasleek, euren mailari dagozkien deskribapenak, kontakizunak,
azalpen-testuak… entzun eta ikusi ahal izango dituzte. Bideook laburrak dira, baina
komunikazio unitate osoak guzti-guztiak. Garrantzi handikoa deritzogu berbaz
diharduenaren irudia ikusteari, ezen adierazkortasuna landuko bada, gorputzaz egiten
diren keinuen adierazpena guztiz lotzen zaio ahozko diskurtsoari. Ahozko
komunikazioa ez da agortzen hizkuntzazko baliabideetan, zeinuak ere erabiltzen dira,
mimika, posturak, adikuneak… Ikasleek, beraz, diskurtsoaren bene-benetako eredua
dute hemen, egokia izateaz haratago; diskurtso erreala. Hori diogunean, unitate
komunikatiboari buruz ere ari gara; entzuten dena ez da esaldi isolatua, testuingurudun
testu unitatea baino.
Lehengoaren gainera, euskara erabiltzaileen arazo larrietariko bat erregistrorik
eza izan ohi da. Lehendik hor dira erregistro formala lantzen duten ikasliburuak. Baina
gure proiektua haien osagarria da: ikasleei erregistro berria jasotzen laguntzea du
helburutzat, beste batzuen artean. Horrexegatik bada, eskualdeko bertako hizkeran datoz
informatzaileek ahoz emandako argibide-azalpenak. Idatzizkoan, aldiz, euskara
batuaren alde jokatu da, eskola gehienetan halaxe egiten dutelako gure eskualdean, eta
bestalde, ahozkoa/idatzizkoa banatzea erregistroak tratatzeko estrategia ere bada.
Alabaina, idatzian batuak ontzat ematen dituen bizkaierazko egiturak txertatzeko
ahalegina ere egin dugu.
Unitateen egitura
Gure proiektuko unitate didaktikoak testuz, irudiz eta bideoz horniturik daude,
gaika antolatuta. Gai bakoitzari dagokionean, jarduerak, esamoldeak, hiztegia, argazki
galeria eta eskulanak daude. Guztira 804 bideo-txatal daude ikusgai, lantzen diren bost
zikloei dagozkien 97 unitateetan banaturik (9 Haur Hezkuntzako 1. zikloan, 13 Haur
Hezkuntzako 2. zikloan, 25 Lehen Hezkuntzako 1. zikloan, 26 2.ean eta 22 3.ean).
Ziklo bakoitzaren sarreran zehazten da zikloari dagokion gaitegia.
MATERIALAREN ERABILERAZ
Askotariko erabilerak
Erabilerraza da bete-betean Zer ikusi, ha ikasi! Uribe Kosta proiektuko
materiala, eta modu askotara erabil daiteke. Horixe da hain zuzen ere produktuaren
berezitasunetako bat. Azken finean, eskoletako errealitatea arras bestelakoa da leku
5
batetik bestera, eta moldagarri izateari begiratu diogu proiektuaren diseinuan. Ikasleek
ordenagailu banatan lan egin dezakete, eskolan hartarako baliabideak badira; hala izan
ezik, irakasleak ordenagailu bakarra eta proiekzio makina erabil ditzake unitateak landu,
bideoak ikusi eta azalpenak emateko; eta ikasleek horretarako aurkezten diren
paperezko fitxetan egin ulermen ariketak.
Geuk proposatutako jarduerez gainera, irakasleak berak hemen aurkezten den
materialean oinarrituta beste hainbeste ariketa asma ditzake. Hona dakartzagun 804
bideo-txatalek, berbarako, horretarako era ederra eskaintzen dute: bai entzumena eta
ulermena lantzeko, bai eskualdeko lexikoa ikasteko, bai sinonimoak ikasteko...
Irakasleari ikasgelan ahozkotasuna lantzeko materiala esku-eskura ematen zaio.
Ahozkotasuna erreferentziazko mintzaldiak eredutzat hartuta lantzen dugu, eta helburua
umeek erregistro eta egitura horiek ezagutzea eta erabiltzea da.
Produktuaren erabilgarritasunaren hariari tira eginez, hipertestuak erabiltzea (gai
batetik bestera salto egin ahal izatea) sano baliagarria izan daiteke ikasgela barruan. Beti
izan dugu kontuan material hau osagarria dela, eta hargatik, gai edo unitateen sekuentzia
ez da lineala; sekuentzia ikasleak edo irakasleak berak markatzen du, unean uneko eta
lekuan lekuko beharrizanen arabera.
Unitate eta fitxen antolaera
Lehenengo eta behin, hasierako pantailan zein ziklotan jardun gura den aukeratu
behar da.
6
Ziklo batean edo bestean sartuta gainerako aukeren menuak zabaltzen dira. Eta
euretan ziklo bakoitzean jorratzen diren gai nagusiak eta bakoitzaren azpiatalak
aurkezten dira.
Gai bakoitzak testua eta irudiak ditu. Pantailak gora eta behera egiten du eskoiko
ostadar itxurako gezien bidez.
7
Testuei eta irudiei lotutako bideoen ikurretan klik eginez gero, leiho berria
zabaltzen da, bideoak ikusi eta entzuteko.
Unitateetan bestelako atal osagarriak ere badira:
Jarduerak
Gurutzegramak, letra-zopak, elementuak lotzekoak, objektuak arrastatzekoak
edo fitxak inprimatu eta eurekin lan egitekoak izan daitezke.
8
Hiztegia
Gaiarekin lotutako berba bereziak edo eskualdeko aldaerak biltzen dira. Batez
ere lekukoek bideo-txataletako azalpenetan erabiltzen dituzten hitzak agertzen dira.
Esalege da...
Hemen gai bakoitzari dagozkion esakuneen zerrenda ageri da. Esakune guztien
azalpenak Kultura ondarea atalean daude. Dagozkien zikloetako menuetan nabigatuz
gero erraz aurki daitezke.
9
Argazki galeria
Atal honetan unitate bakoitzean agertzen diren argazki guztiak jarraian eta neurri
handiagoan ikusteko aukera dago.
Eskulana
Proposatzen diren eskulanak zelan egin azaltzen da hemen, eta behar denean
eskulanetarako txantiloiak ere ematen dira.
10
Irakaslearen eta ikaslearen lana errazteko asmoz, gura izanez gero, unitate eta
fitxa guztiak inprima daitezke dagokion ikonoan klik eginez.
Proiektuaren zehetasunak eta ezaugarriak azaldu ditugunez gero, Zer ikusi, ha
ikasi! Uribe Kosta baliagarri, eta ikasle, irakasle eta gurasoen gustuko izan dadin gura
genuke. Oxala hala balitz. Hori litzateke gure poza.