Monadologia

16
Monadologia Gottfried Wilhelm Von Leibniz Ithurria Saila

description

Monadologia Gottfried Wilhelm von Leibniz Politeia Argitaldaria · Ithurria Saila

Transcript of Monadologia

Page 1: Monadologia

Monadologia Gottfried Wilhelm Von Leibniz

Ithurria Saila

Page 2: Monadologia

Politeia Argitaldaria Erresistentzia Saila Autodeterminazioa Ala Autodeterminazio-Eskubidea? · Karlo Raveli Ithurria Saila Monadologia · Gottfried Wilhelm Von Leibniz Izenburu originala La Monadologie Angalarazko bertsioa (itzulpenaren iturria) The Monadology Autorea Gottfried Wilhelm Von Leibniz Itzultzailea Bingen Hareitzederra Ereintzun Diseinua Bingen Hareitzederra Ereintzun © Politeia Argitaldaria, Ithurria Saila, 2015 Designed in Vasconish / Printed in Navarre Donostia, Nabarroa, Eurôpêa, Lurra, Kosmosa, 2015 12 19 16:18

Page 3: Monadologia

Sarrera Politeia Argitaldariaren bigarren itzulpen hau Nabarroko Hiriaren Politeiaren ekoizpen bat da. Politeia Argitaldariaren lehen itzulpena Karlo Raveli jaunaren Autodeterminazioa Ala Autodeterminazio-Eskubidea? liburua izan zen. Liburu hark Erresistentzia Saila piztu zuen. Orain, liburu honek, Gottfried Wilhelm Von Leibniz jaunaren Monadologia liburuak, Politeia Argitaldariaren Ithurria Saila piztu du. Ithurria Sailaren xedea humanuok garatu ditugun hiru kyklo kulturalen lanik sakonenak biltzea da: Txinarrak, Indiarrak eta Graikiarrak. Nik liburu honen itzulpena angalaratik burutu dut. Aitzitik, berau frantziarazko bertsio originalaren arabera egokitu dut, itzulpenak leibniziar terminologiaren koherentzia manten zezan. Galdera hau da: euskaldunok Jainkoaren Arima mathêmatikoa uler al dezakegu?

Introduction This second translation of the Politeia Publisher is a production of the Politeia of the City of Navarre. The Politeia Publisher’s first translation was Mr Karlo Raveli’s Autodeterminazioa Ala Autodeterminazio-Eskubidea?. That book started the Resistance Series. Now, this book, Mr Gottfried Wilhelm Von Leibniz’s Monadology, starts the Politeia Publisher’s Source Series. The aim of the Source Series is to compilate the deepest works that we humans have developed in our three cultural cycles: Chinese, Indian and Greek. I have translated this book from English. However, I have modified it according to the original French version, fro the translation to keep the consistency of Leibnizian terminology. The question is this: can we Vascons understand God’s mathematical Soul?

導入

Politeia出版社のこの第二の翻訳は、ナバラの市のPoliteiaの製造です。Politeia出版社の最初の翻訳は

氏カールレ島RaveliのAutodeterminazioa Ala Autodeterminazio-Eskubidea?でした?その本には

、抵抗シリーズを開始しました。 さて、この本、氏ゴットフリート・ライプニッツのモナド論は、Politeiaの出版社のソースシリーズが

開始されます。 、中国、インド、ギリシャ:ソースシリーズの目的は、私たち人間は、私たちの3文化

のサイクルで開発した最も深い作品をコンパイルすることです。 私は英語からのこの本を翻訳しました。しかし、私はライプニッツ用語の一貫性を保つために翻訳あち

こちに、元のフランス語版に合わせて変更しました。質問はこれです:私たちバスクは神の数学的な魂

を理解することができますか? 02:42 2015 12 21 Donostia, Navarre, Europe, Earth, Cosmos Bingen Hareitzederra Ereintzun

Page 4: Monadologia

NABARROKO HIRIAREN POLITEIA THE POLITEIA OF THE CITY OF NAVARRE

ナバラ市イルミニズム共和国

Page 5: Monadologia

Monadologia Gottfried Wilhelm Von Leibniz 1. Monadari buruz hitz egingo dugu hemen. Monada substantzia sinple bat baino ez da. Substantzia sinple hau konposatuetan sartzen da. ‘Sinplea’ esaten dugunean ‘parterik gabea’ esan nahi dugu. (Theod. 10.) 2. Eta konposatuak existitzen direnez, substantzia sinpleak ere existitu behar dira; zeren-eta konposatu bat gauza sinpleen multzo edo aggregatum bat baino ez baita. 3. Beraz, parterik ez dagoen tokian, ez da posible ez extentsiorik, ez formarik, ez zatigarritasunik. Monada hauek Naturaren egiazko Atomoak dira, eta, hitz batean, gauzen Elementuak. 4. Ez dago elementu hauen disoluzioaren beldurrik eduki beharrik, ez baitago substantzia sinple bat era naturalean suntsitzeko modu irudikagarririk. (Theod. 89.) 5. Arrazon beragatik, ez dago substantzia sinple bat era naturalean hasteko modu irudikagarririk, zeren-eta substantzia sinple bat ezin baita konposizioz osatu. 6. Ondorioz, esan dezakegu ezen Monadak soilik guztiak batera hasten edo amaitzen direla; hau da, soilik sorkuntzaren bidez has daitezkeela eta soilik suntsikuntzaren bidez amai daitezkeela. Aldiz, konposatua parteen bidez hasten edo amaitzen da. 7. Areago, beste ezein sorkik Monada bat bere barnealdetk nola altera edo eralda dezakeen explikatzea ezinezkoa da. Izan ere, ezinezkoa baita Monadaren baitako ezer lekualdatzea edo bere barnean ekoitzi, gidatu, haunditu edo txikitu litekeen ezein barne-mugimentu sortzea. Alta, hau guztia posiblea da konposatuen kasuan: konposatuen parteen artean eraldaketak gertatzen dira. Monadek ez daukate leihorik ezer sartu edo atera ahal izatekorik. Akzidenteek ezin dituzte Monadak substantziengandik bereizi, ez-eta Monadei substantzien kanpoaldean ibiltzea eragin ere, garai batean Skholastikoen ‘espezie sensibleek’ egiten zuten gisara. Ondorioz, ez substantziak, ez akzidenteak ezin dira kanpoaldetik Monada baten barnera sartu. 8. Alta, Monadek zenbait kualitate eduki behar dituzte, zeren-eta bestela ez bailirateke izakiak ere izango. Eta substantzia sinpleek kualitate desberdinak izango ez balituzte, gauzetan eraldaketak pertzipitzeko biderik ez litzateke existituko. Izan ere, konposatuan dagoena konposatuen barneko elementu sinpleengandik bakarrik etor baitaiteke. Beraz, Monadek kualitaterik ez balute, elkarren artean bereizezinak lirateke, zeren-eta kuantitatean ez baitira desberdinak, eta, ondorioz, espazioa plenum bat izanik, mugimentu bakoitzean espazioaren parte bakoitzak beti jasoko luke jada leukakeenaren Baliokidea den zerbait, eta egoerak elkarren artean bereiztezinak lirateke. 9. Noski, Monada bakoitza gainontzeko guztiengandik desberdina izan behar da. Izan ere, naturan inoiz ez baitira existitzen perfektuki berdinak diren bi izaki, euren arteko barne-desberdintasunik ez duten bi izaki, edo gutxienez kualitate intrintsiko batean oinarritzen den desberdintasun bat ez duten bi izaki.

Page 6: Monadologia

10. Halaber, adostutzat jotzen dut ezen izaki sortu orok eraldaketa pairatzen duela, eta, ondorioz, hau horrela dela Monada sortuaren kasuan ere, eta, areago, eraldaketa hau jarraikorra dela horietariko bakoitzean. 11. Esan berri dudanetik ondorioztatzen da ezen Monaden eraldaketa naturalak barne-printzipio batetik eratortzen direla, zeren-eta kanpo-kausa batek ezin baitu euren barnean eragin. 12. Baina, eraldaketaren printzipioaz gain, eraldatzen denaren zerrenda bat existitu behar da, zeinak, nolabait esatearren, substantzia sinpleen espezifikazioa eta barietatea egingo baititu. 13. Zerrenda honek unitatearen edo sinplea den horren baitan multiplizitate bat barnebildu behar du. Izan ere, eraldaketa natural oro gradualki gertatzen denez, zerbait eraldatu egiten baita eta beste zerbait bere horretan geratzen baita; eta, ondorioz, substantzia sinplearen baitan hainbat afekzio eta harreman existitu behar da, nahiz-eta substantzia sinpleak parterik ez eduki. 14. Pertzepzioa esaten dioguna egoera transitorio bat da. Egoera transitorio honek unitatearen edo substantzia sinplearen barnean multiplizitatea barnebiltzen eta errepresentatzen du. Era berean, Pertzepzioa apertzepzioarengandik edo konszientziarengandik bereizi behar dugu, beranduago agertuko dugun bezala. Gai honen inguruan, Cartesiarren ikuspuntua zeharo okerra da, zeren-eta konszienteki ulertzen ez ditugun pertzepzioak ez-existentetzat jotzen baititu. Era berean, ulerkera honek Monadak Gogoak baino ez direla pentsatzera eraman ditu, bai-eta Animaleen Arimarik edo beste Entelekheiarik ez dagoela pentsatzera ere. Ondorioz, jende-olde bulgarrak bezala, ez dute inkonszientzia-aro luzea eta heriotza absolutua bereizten jakin. Horrela, Skholastikoen aurreiritzi berean erori dira eta arimak gorputzengandik osoki bereizita daudela uste dute. Era berean, ulerkera honek gogo erratuengan arimen hilkortasunaren iritzia konfirmatu du. 15. Eraldaketa edo pertzepzio batetik bestera pasatzea eragiten duen barne-printzipioaren akzioari Apetizioa dei diezaiokegu. Apetituaren helburua pertzepzio osoa bada ere, ezin izaten du beti bere helburua erdietsi. Alta, beti lortzen du zerbait beragandik eta beti iristen da pertzepzio berrietara. 16. Guk geuk substantzia sinplearen baitan multiplizitatea experimentatzen dugu. Izan ere, konszienteki garatzen dugun pentsamenturik txikienak ere bere objektuaren barietatea barnebiltzen baitu. Beraz, arima substantzia sinple bat dela onartzen duten guztiek Monadaren baitako multiplizitate hau onartu behar lukete; eta M. Bayle jaunak ez luke horretan zailtasunik eduki behar, bere Hiztegian eduki duen bezala, ‘Rorarius’ artikuluan. 17. Gainera, aitortu behar da ezen Pertzepzioa eta berarekiko dependente den guztia explikaezina dela arrazon mekhanikoen arabera, hau da, figuren eta mugimentuen arabera. Suposa dezagun pentsatzeko, sentitzeko eta pertzipitzeko moduan eraiki den Mekhanê bat dagoela; irudika dezagun Mekhanê hau tamainaz haundituta, proportzio berberak mantenduz, bere barnera errota bat bailitzan sartu ahal izango bagina bezala. Hau horrela izanik, bere barnealdea aztertzean eragiten dioten parteak aurkituko genituzke, baina ez genuke inoiz ere aurkituko pertzepzio bat explikatzea ahalbidetuko ligukeen ezer. Beraz, pertzepzioa substantzia sinpleetan bilatu behar da, eta ez konposatuetan edo mekhanêetan. Areago, substantzia sinple batean ez dago aurki daitekeen beste gauzarik, pertzepzioez eta euren eraldaketez gain. Era berean, substantzia sinpleen barne-Akzio guztiak hau besterik ezin dira izan. 18. Substantzia sinple guztiak edo Monada sortu guztiak Entelekheia izenda ditzakegu, zeren-eta euren baitan nolabaiteko perfekzio bat (ἔχουσι τὸ ἐντελές) eta auto-sufizientzia bat (αὐτάρκεια) baitaukate. Bi ezagugarri hauek euren barne-aktibitateen iturri bilakatzen dituzte, eta, nolabait esatearren, automato gorpuzkabe.

Page 7: Monadologia

19. Explikatu dudan zentzu orokorraren arabera pertzepzioak eta apetituak dituen oro Arima izendatzen badugu, orduan substantzia sinple guztiak edo Monada sortu guztiak ere Arima izenda ditzakegu; baina, sentimentua pertzepzio soilaz gaindi doan zerbait denez, nik uste dut ezen Monada edo Entelekheia izendapen orokorra nahikoa datekeela pertzepzioa besterik ez duten substantzia sinpleentzat, eta Arima izendapena pertzepzio garatuagoa duten horiei soilik eman behar litzaiekeela, pertzepzioarekin batera memoria ere baduten horiei. 20. Gure baitan egoera jakin bat experimentatzen dugu. Egoera jakin honetan ez dugu ezer oroitzen eta ez daukagu pertzepzio bereizgarririk, konortea galduta erortzen garenean bezala, edo loaldi ameskabe sakon batek hartzen gaituenean bezala. Egoera honetan arima ezin da Monada soil batengandik nabarmenki bereiztu; alta, Egoera hau iraunkorra ez denez, eta arima bertatik ateratzen denez, arima Monada soil bat baino zerbait gehiago da. (Theod. 64.) 21. Eta honek ez du esan nahi egoera honetan substantzia sinpleak inolako pertzepziorik ez duenik. Hori, hain zuzen ere, ezin da izan, jada eman ditugun arrazonak direla-eta. Izan ere, substantzia sinplea ezin baita hil, eta ezin baitu existitzen jarraitu nolabaiteko afekziorik gabe, afekzio hori bere pertzepzioa bera izanik. Baina pertzepzio txikien multzo haundi bat dagoenean, eta multzo honetan ezer bereizgarririk ez dagoenean, bat harritu egiten da; adibidez, hainbat aldiz jarraian norabide berean biratzen dugunean, konortea galtzea eragiten digun zorabio bat etortzen zaigu, eta ezer bereiztea oztopatzen digu. Heriotzak animaleak egoera honetan jar ditzake denbora-tarte batez. 22. Eta, noski, substantzia sinple baten orainaldiko egoera oro bere lehenaldiko egoeraren ondorio den bezala, bere orainaldia ere bere geroaldiaz haurdun da. 23. Eta, beraz, lozorrotik esnatzean gure pertzepzioez konsziente garenez, pertzepzioak eduki behar izan ditugu justu esnatu aurretik, nahiz-eta euretaz konsziente ez izan; zeren-eta pertzepzio bat modu naturalean soilik beste pertzepzio batengandik etor baitaiteke, mugimentu bat modu naturalean soilik beste mugimentu batengandik etor daitekeen bezala. 24. Ondorioz, ematen du ezen gure pertzepzioetan ezer nabarmenik ez bageneuka, eta, nolabait esatearren, ezer bereizgarririk eta zapore bizikorik ez bageneuka, lozorro-egoera batean biziko ginatekeela beti. Eta hau da hain zuzen ere Monada soilen egoera. 25. Era berean, ikusten dugu ezen Naturak pertzepzio indartuak eman dizkiela animaleei, kontu haundiz eman ere, organu bereziz hornitu baititu. Organu hauek argi-izpi ugari biltzen dituzte, edo aire-uhin ugari biltzen dituzte, berauek batuz efektu haundiagoa eragin dezaten. Antzekoa den zerbait gertatzen da usaimenarekin, dastamenarekin eta ukimenarekin, eta agian ezezagun zaizkigun beste hainbat zentzumenekin ere bai. Eta orain azalduko dut ezen ariman gertatzen denak organu gorpuztiarretan gertatzen dena errepresentatzen duela. 26. Memoriak arimari nolabaiteko kontsekuzio bat ematen dio. Kontsekuzio honek arrazona imitatzen du, baina beragandik desberdindu behar dugu. Horrela, animaleengan ikusten dugu ezen, zauritzen dituen objektu bat ikusten dutenean, eta objektu berbera lehenaldian ere modu antzekoan pertzipitu izan dutenean, euren memoriako errepresentazioen bidez objektu hori pertzipitu zuten aurreko aldian objektuarekin konbinatuta zegoena itxarotera jotzen dutela, eta aurreko aldi horretan izan zituzten sentimentuen antzekoak diren sentimentuak izatera heltzen direla. Adibidez, zakur bati makil bat erakusten zaionean, zakurrak lehenaldian makilak sortu zion mina oroitzen du, ulu egiten du eta ihes egiten du. (Theod. Discours de la Conformité, &c., ss., 65.)

Page 8: Monadologia

27. Eta inpresionatzen eta mugitzen dituen irudi mentalaren indarra aurreko pertzepzioen magnitudetik edo kopurutik eratortzen da. Izan ere, sarri, inpresio indartsu batek ohitura luze batek edo pertzepzio arrunt errepikatu askok bezainbesteko efektua sortzen baitu kolpe batez. 28. Humanuen pertzepzioen kontsekuzioa memoriaren printzipiotik soilik eratortzen den heinean, humanuek piztien gisara jokatzen dute, eta mediku empeirikoak ematen dute, theôriarik gabeko praktikê batekin. Izatez, gure akzioen hiru laurdenetan empeirikoak baino ez gara. Adibidez, biharamunean egun-argia egongo dela itxaroten dugunean, empeirikoki ekiten dugu, orain arte beti horrela gertatu baita. Soilik astronomoak epaitzen du hau bere arrazonaren bidez. 29. Alta, egia nezesario eta eternalen jakintza da animale soilengandik bereizten gaituena eta Arrazona eta logikêa ematen dizkiguna, eta, horrela, gure buruaren gaineko eta Jakinkoaren gaineko jakintzara altzatzen gaituena. Gure baitan dagoen hau da Arima razionala edo Gogoa esaten zaiona. 30. Era berean, egia nezesarioen jakintzaren bidez eta euren expresio abstraktuaren bidez altzatzen gara hausnarketa-jardueretara. Hausnarketa-jarduera hauek Ni esaten diogun hori zer den pentsatzera eramaten gaituzte, eta hau edo beste gure baitan dagoela behatzera ere bai: eta, horrela, gure buruari buruz pentsatuz, Izateari buruz pentsatzen dugu, substantziari buruz, sinpleari eta konposatuari buruz, eta Jainkoari buruz, guregan mugatua dena beregan mugagabea dela irudikatuz. Eta hausnarketa-jarduera hauek gure arrazonatzeen objektu nagusiez hornitzen gaituzte. (Theod. Pref. [E. 469; G. vi. 27].) 31. Gure arrazonatzeak bi printzipio haunditan oinarritzen dira. Batetik, kontradikzioaren printzipioan oinarritzen gara. Printzipio honen arabera faltsutzat jotzen dugu kontradikzioa barnebiltzen duen hori, eta egiatzat jotzen dugu faltsua den horren aurkakoa edo berarekiko kontradiktorioa den hori; (Theod. 44, 169.) 32. Bestetik, arrazon sufizientearen printzipioan oinarritzen gara. Printzipio honen arabera, onartzen dugu ezen ezin dela faktu erreal edo existenterik egon, ez-eta egiazko enuntziaziorik ere, baldin-eta hori horrela izateko eta beste modu batera ez izateko arrazon sufizienterik ez badago, nahiz-eta arrazon hauek eskuharki ezagutu ahal ez izan. (Theod. 44, 196.) 33. Bi egia-mota soilik daude, Arrazonezko egiak eta Faktuzko egiak. Arrazonezko egiak nezesarioak dira eta euren aurkakoa ezinezkoa da; Faktuzko egiak kontingenteak dira eta euren aurkakoa posiblea da. Egia bat nezesarioa denean, bere arrazona analysi bidez aurki daiteke, eta berau idea eta egia sinpleagotan ebatz dezakegu, primarioak direnetara iritsi arte. (Theod. 170, 174, 189, 280-282, 367. Abrege, Object. 3.) 34. Horregatik, Mathêmatikêan, theôrema espekulatiboak eta kanon praktikoak analysi bidez Definiziotara, Axiomatara eta Postulatutara murrizten dira. 35. Beraz, idea sinpleak daude, eta hauei buruz ezin da definiziorik eman; bestalde, Axiomak eta Postulatuak daude, hau da, printzipio primarioak, eta hauek frogatu ahal ez izateaz gain frogen beharrik ere ez daukate. Hauek guztiak Enuntziazio identikoak dira, eta euren aurkakoek eurekiko kontradikzio zuzena barnebiltzen dute. 36. Baina, era berean, arrazon sufizientea egia kontingente edo faktuzkoetan ere aurkitu behar da, hau da, sorkien unibertsoan zehar barreiatuta dauden gauzen multzoan. Hemen, arrazon partikularren analysiak xehetasun amaigabetara arte jarrai dezake, izan Naturako gauzen barietate erraldoiaren ondorioz, izan gorputzen zatiketa infinituaren ondorioz. Nire idazki honen kausa efizientea orainaldiko eta lehenaldiko figura eta mugimentu infinitate batek osatzen du; eta nire idazki honen azken kausa nire arimaren orainaldiko eta lehenaldiko joera eta disposizio niminoen infinitate batek osatzen du.

Page 9: Monadologia

37. Eta zerrenda honek aurretiagokoak edo xehetuagoak diren kontingentziak bakarrik barnebiltzen dituenez, eta horietariko bakoitzak antzerako analysi bat behar duenez bere arrazona aurkitzeko, ez dugu aurrera egiterik: eta, ondorioz, azken arrazonak edo arrazon sufizienteak gauza kontingente partikularren multzo edo serie honetatik kanpo egon behar du, serie honen infinitatea gora-behera. 38. Ondorioz, gauzen azken arrazona substantzia nezesario baten baitan egon behar da. Substantzia nezesario honetan, eraldaketa partikularren barietatea soilik eminenteki existitzen da, iturburuan bezala: eta hau da Jainkoa deitzen dioguna. 39. Horrela, substantzia hau zerrenda horren guztiaren arrazon sufizientea izanik, eta zerrenda hori ere osoki konektatuta egonik, Jainko bakarra dago, eta Jainko hau sufizientea da. 40. Era berean, baiezta dezakegu ezen bakarra, unibertsala eta nezesarioa den substantzia goren hau, bere kanpoan berarekiko independentea den ezer ez egonik, eta izate posiblearen multzo purua izanik, nahi eta nahi ez mugagabea dela eta posiblea den bezain beste errealitate barnebildu behar duela. 41. Hortik eratortzen da ezen Jainkoa absolutuki perfektua dela; izan ere, perfekzioa bere zentzu hertsian errealitate positiboaren multzoa baino ez baita, bere baitan diren gauzen limiteak edo mugak kontaketatik kanpo utzita. Eta mugarik ez dagoen tokian, alegia Jainkoarengan, perfekzioa absolutuki infinitua da. (Theod. 22, Pref. [E. 469 a; G. vi. 27].) 42. Era berean, ondoriozta daiteke ezen sorkiek euren perfekzioak Jainkoaren influentziatik eratortzen dituztela, baina euren inperfekzioak euren natura propriotik eratortzen direla, euren natura proprioa ezin baita mugarik gabe existitu. Hain zuzen ere horretan dira Jainkoarengandik desberdinak. Esate baterako, sorkien inperfekzio original hau gorputzen inertzia naturalean ikus dezakegu. (Theod. 20, 27-30, 153, 167, 377 sqq.) 43. Era berean, egia da ezen Jainkoarengan ez dagoela existentzien iturburua soilik, baizik-eta esentzien iturburua ere beregan dagoela, esentzia hauek errealak diren heinean, edo posibilitatearen baitan erreala denaren iturburua ere beregan dagoela. Hain zuzen ere, Jainkoaren ulertzea egia eternalen edo berauen menpeko diren ideen eskualdea da, eta bera gabe ez legoke ezer errealik posibilitateen baitan, eta ez soilik ez legoke ezer existenterik, baina gainera ez legoke ezer posiblerik ere. (Theod. 20.) 44. Esentzien edo posibilitateen baitan nahiz egia eternalen baitan errealitate bat dagoenez, errealitate honek existentea eta benetakoa den zerbaitetan oinarrituta egon behar du, eta ondorioz Izaki nezesarioaren existentzian egon behar du oinarrituta. Izaki nezesarioaren baitan esentziak existentzia barnebiltzen du, eta posiblea izatea aktuala izatea da. (Theod. 184-189, 335.) 45. Ondorioz, soilik Jainkoak (edo Izaki nezesarioak) dauka posiblea den kasuetan existitu beharraren pribilegioa. Eta mugarik gabea, ukatzerik gabea eta ondorioz kontradikziorik gabea denaren posibilitatea ezerk oztopa ezin dezakeenez, hau bere horretan sufizientea da Jainkoaren existentzia a priori ezagutzeko. Era berean, bere existentzia frogatu dugu egia eternalen errealitatearen bidez. Baina orain dela gutxi a posteriori ere frogatu berri dugu, zeren-eta izaki kontingenteak existitzen baitira eta izaki hauek euren azken arrazona edo arrazon sufizientea soilik Izaki nezesarioarengan eduki baitezakete. Izaki nezesarioak bere baitan dauka bere existentziaren arrazona. 46. Aitzitik, ez dugu irudikatu behar, batzuek egiten duten bezala, egia eternalak, Jainkoarekiko dependente izanik, arbitrarioak direnik eta bere borondatearen menpe daudenik. Ematen duenez, Descartes’ek horrela uste zuen, bai-eta beranduago M. Poiret’ek ere. Alta, hori soilik egia kontingenteen kasuan da horrela. Egia kontingenteen printzipioa

Page 10: Monadologia

konbenientzia edo hoberenaren hautaketa da; aitzitik, egia nezesarioak soilik euren ulerkerarekiko dira dependenteak eta ulerkera honen barne-objektua dira. 47. Ondorioz, unitate primario edo substantzia sinple original bakarra Jainkoa da, eta Monada sortu edo deribatu guztiak bere produktuak dira. Nolabait esatearren, Monadak Jainkotasunaren unean-uneko Fulgurazio jarraikorren bidez jaiotzen dira, sorkiaren errezeptibitateak mugatuta. Sorkiaren esentzia errezeptibitatearen arabera mugatuta egotea da. (Theod. 382-391, 398, 395.) 48. Jainkoarengan Boterea dago, eta Botere hau guztiaren iturria da, bai-eta Jakintzaren eta Borondatearen iturria ere. Jakintzaren edukia ideen zerrenda da. Borondateak hoberenaren printzipioaren arabera eraldaketak edo produktuak egiten ditu. (Theod. 7, 149, 150.) Eta kharaktêristikê hauek Monada sortuaren subjektu edo oinarriari dagozkio, alegia, Pertzepzioaren fakultateari eta Apetizioaren fakultateari. Baina Jainkoarengan atributu hauek absolutuki infinituak edo perfektuak dira; eta Monada sortuen edo Entelekheien baitan (edo perfectihabiae delakoen baitan, Hermolaus Barbarus jaunak hitza itzuli bezala), atributu hauen imitazioak baino ez daude, Monadaren perfekzio-mailaren arabera. (Theod. 87.) 49. Sorkiak, perfekzioa duen heinean, kanpoalderantz ekiten du, eta, inperfektua den heinean, beste sorkiekiko sufritzen du. Ondorioz, pertzepzio bereizgarriak dituen heinean Monadari akzioaren atributua ematen zaio, eta, bere pertzepzioak nahasiak diren heinean Monadari pasioaren atributua ematen zaio. (Theod. 32, 66, 386.) 50. Eta sorki bat beste bat baino perfektuagoa da baldin-eta sorki horren baitan dagoenak perfekzio gutxiagoko sorkiaren baitan gertatzen dena a priori explikatzeko balio baldin badu; eta horregatik esaten dugu lehenak bigarrenaren gain eragiten duela. 51. Baina, substantzia sinpleetan, Monada batek beste Monadengan duen influentzia ideala besterik ez da, eta bere efektua Jainkoaren bitartekaritzaren bidez bakarrik eduki dezake. Izan ere, Monadak Jainkoaren ideetan ondorengoa aldarrikatzen baitu: Jainkoak, gauzen hasieratik besteak erregulatzean, Monada bera ere kontuan eduki dezala. Monada sortu batek beste Monada sortu baten barnealdean influentzia physikorik eduki ezin dezakeenez, Monadak soilik bitartekaritza horren bidez izan daitezke elkarrekiko dependente. (Theod. 9, 54, 65, 66, 201. Abrege, Object. 3.) 52. Eta, horregatk, sorkien artean akzioak eta pasioak elkarrekikoak dira. Izan ere, Jainkoak, bi substantzia sinple erkatzean, horietariko bakoitza besteari adaptatzera behartzen duten arrazonak aurkitzen baititu, eta, ondorioz, hainbat aspektutan aktiboa dena beste ikuspuntu batetik pasiboa da; aktiboa da berari buruz bereizgarriki dakigunak beste baten baitan gertatzen dena explikatzeko balio duen heinean, eta pasiboa da bere baitan gertatzen denari buruzko explikazioa beste bati buruz bereizgarriki dakigun horretan aurkitzen dugunean. (Theod. 66.) 53. Orain, Jainkoaren Ideetan unibertso posibleen kopuru infinitu bat dagoenez, eta horietariko bat bakarrik existi daitekeenez, Jainkoak horietariko baten aldeko hautua egiteko arrazon sufiziente bat eduki behar du. (Theod. 8, 10, 44, 173, 196 sqq., 225, 414-416.) 54. Eta arrazon hau soilik mundu hauek daukaten konbenientzian edo perfekzio-mailan aurki daiteke; zeren-eta mundu posible bakoitzak bere baitan daukan perfekzio-heinaren araberako existentzia bat izatera aspiratzeko eskubidea baitauka. 55. Eta honako hau da hoberenaren existentziaren kausa, bere jakintzak Jainkoari ezagutarazten diona, bere ontasunak Jainkoari hautarazten diona, eta bere indarrak Jainkoari ekoitzarazten diona. (Theod. 8, 78, 80, 84, 119, 204, 206, 208. Abrege, Object. 1 eta 8.)

Page 11: Monadologia

56. Orain, gauza sortu guztiak elkarrekiko konektatuta eta adaptatuta egote honek ondorengoa esan nahi du: substantzia sinple bakoitzak gainontzeko substantzia sinple guztiak expresatzen dituen harremanak dituela, eta, ondorioz, unibertsoaren ispilu bizidun perpetual bat dela. (Theod. 130, 360.) 57. Eta herri berdin batek alde desberdinetatik begiratuta desberdina ematen duen bezala, eta perspektiboki hainbat herri desberdinetan bilakatzen den bezala, modu berean, substantzia sinpleen kopuru infinituaren ondorioz, hainbat, hainbat eta hainbat unibertso desberdin daudela ematen du. Aitzitik, unibertso desberdin hauek unibertso bakar baten perspektibak baino ez dira, horietariko bakoitza Monada bakoitzaren ikuspuntu bereziaren arabera. (Theod. 147.) 58. Eta modu honetan barietate posiblerik haundiena erdiesten da, baina ordena posiblerik haundienarekin batera; hau da, perfekzio posiblerik haundiena erdiesteko bidea da. (Theod. 120, 124, 241 sqq., 214, 243, 275.) 59. Gainera, hypothesi hau (zeina nik frogatutzat ematen baitut) Jainkoaren haunditasuna modu egokian exaltatzen duen hypothesi bakarra da: hau Bayle Jaunak onartu zuen, bere Dictionnaire liburuan (Rorarius artikuluan) nire ikuspuntuari objekzioak egin zizkionean, zeinetan Jainkoari gehiegi eta posiblea zena baino gehiago atribuitzen niola pentsatzeko tentazioa eduki baitzuen. Baina bera ez zen harmonia unibertsal honen ezinezkotasuna erakuts lezakeen arrazonik emateko gai izan. Harmonia unibertsal honen arabera substantzia orok beste substantziekin dituen harremanen bidez beste substantzia guztiak zehazki expresatzen ditu. 60. Areago, esan berri dudan honetan ikus ditzakegu gauzak diren bezala eta ez bestela izatearen a priori arrazonak. Zeren-eta Jainkoak, osotasuna erregulatzean, parte bakoitza kontuan eduki baitu, eta bereziki Monada bakoitza. Horrela, Monada bakoitzaren izaera errepresentatiboa izanik, ezerk ezin du gauzen parte bat bakarrik errepresentatzera mugatu; aitzitik, egia da ezen errepresentazio hau Unibertso osoko xehetasunekiko nahasia dela, eta gauzen parte txiki batean bakarrik izan daitekeela bereizgarria, hau da, Monada bakoitzarekiko gertuen edo haundien diren gauzetan; horrela ez balitz, Monada bakoitza Jainkotasun bat izango litzateke. Izan ere, Monadak ez baitaude objektuan mugatuta, baizik-eta objektuaren ezagutzaren modifikazioan. Modu nahasi batean, Monada guztiak ahalegintzen dira infinitua erdiesten, osotasuna erdiesten; baina guztiak euren pertzepzio bereizien mailen arabera mugatuta eta diferentziatuta daude. 61. Eta arlo honetan konposatuak substantzia sinpleak bezalakoak dira. Izan ere, guztia plenum bat baita, eta ondorioz materia guztia elkarrekin konektatuta baitago, eta plenum·ean mugimentu orok gorputz distanteengan efektu bat baitauka. Efektu hau gorputzen arteko distantziarekiko proportzionala da, halako moduz non, gorputz bakoitzak, berarekin kontaktuan dauden gorputzen efektua jasateaz gain eta azken hauei gertatzen zaien ororen efektua sentitzeaz gain, immediatuki bere ondoan dauden gorputzen bidez azken hauen alboan dauden gorputzen efektua ere jasaten baitu. Honetatik ondorioztatzen da ezen gauzen interkomunikazioa distantzia orotara zabaltzen dela, distantzia honen tamaina gora-behera. Eta, ondorioz, gorputz orok unibertsoan gertatzen den guztiaren efektua sentitzen du. Horrela, guztia ikusten duenak oronon gertatzen ari dena irakur lezake gorputz bakoitzean, bai-eta gertatu dena edo gertatuko dena ere, orainaldiaren baitan denboran eta espazioan urrun dagoena behatuz: σύµπνοια πάντα, Hippokratês’ek esaten zuen bezala. Baina Arima batek bere baitan irakur dezakeen bakarra bere baitan bereizgarriki errepresentatuta dagoena da; Arimak ezin du bere baitan barne-tolestuta dagoen guztia aldi berean destolestu, bere tolesturak infinituak baitira. 62. Ondorioz, Monada sortu bakoitzak unibertso osoa errepresentatzen duen arren, Monada sortuak are modu bereizgarriagoan errepresentatzen du berari bereziki dagokion gorputza, Monada hori gorputz horren Entelekheia baita: eta gorputz honek plenum·eko

Page 12: Monadologia

materia guztiarekiko konekzioaren bidez unibertso osoa expresatzen duenez, arimak ere unibertso osoa errepresentatzen du gorputz hau errepresentatzean, gorputz hau arima horri baitagokio modu berezi batean. (Theod. 400.) 63. Monada bati dagokion gorputzak, Monada hori gorputz horren Entelekheia edo Arima izanik, entelekheiarekin batera, izaki bizidun dei diezaiokeguna osatzen du, eta, arimarekin batera, animale dei diezaiokeguna. Orain, izaki bizidunaren edo animalearen gorputz hau organikoa da beti; zeren-eta, Monada bakoitza, bakoitza bere modura, unibertsoaren ispilu bat den bezala, eta unibertsoa ordena perfektu baten arabera araututa dagoen bezala, errepresentantearen baitan ere ordena egon behar baita, hau da, arimaren pertzepzioetan eta ondorioz gorputzean ere ordena egon behar baita, gorputzaren bidez arimaren baitan unibertsoa errepresentatzen baita. (Theod. 403.) 64. Ondorioz, izaki bizidun bakoitzaren gorputz organikoa nolabaiteko mekhanê jainkotiar edo automato natural bat da, zeinak-ere infinituki gainditzen baititu automato artifizial guztiak. Izan ere, gizakiaren trebetasunaren bidez eraikitako mekhanê bat ez baita mekhanê bat bere parte bakoitzean. Adibidez: letonezko gurpil baten hortzak guretzat produktu artifizialak ez diren parte edo fragmentuak ditu. Parte edo fragmentu hauek ez dute mekhanê-kharaktêristikê berezirik, zeren-eta ez baitute gurpilaren erabilera originalaren indikaziorik ematen. Baina naturaren mekhanêak, hau da, gorputz bizidunak, mekhanêak dira euren parterik txikienetan ere, ad infinitum. Hau da Naturaren eta Artearen arteko diferentziaren muina, alegia, arte Jainkotiarraren eta gure artearen arteko diferentziaren muina. (Theod. 134, 146, 194, 403.) 65. Eta naturaren autoreak artifizio jainkotiar eta infinituki zoragarri hau erabili ahal izan du, ez bakarrik aintzinekoek behatu zuten bezala parte bakoitza infinituki zatigarria delako, baizik-eta parte bakoitza benetan dagoelako amaierarik gabe azpizatituta, parte bakoitza parte gehiagotan, eta parte hauetariko bakoitza mugimentu proprioarekin; horrela ez balitz ezinezkoa litzateke materia-portzio bakoitzak unibertso osoa expresatu ahal izatea. (Theod. Prelim., Disc. de la Conform. 70, eta 195.) 66. Beraz, agerikoa da ezen materia-partikularik txikienean ere sorkien, izaki bizidunen, animaleen, entelekheien eta arimen mundu bat dagoela. 67. Materia-portzio bakoitza landarez betetako jardin bezala edo arrainez betetako urmael bezala irudika dezakegu. Baina landare ororen adar bakoitza, animale ororen gorputz-atal bakoitza eta bere parte likidoen tanta bakoitza ere horrelako jardin edo urmael bat da. 68. Eta jardineko landareen arteko lurra eta airea landare izan ez arren, eta urmaeleko arrainen arteko ura arrain izan ez arren, hauek ere landareak eta arrainak barnebiltzen dituzte, kasurik gehienetan guretzat inpertzeptiblea den txikitasun batekoak badira ere. 69. Beraz, unibertsoan ez dago ezer inkulturik, ez dago ezer esterilik, ez dago ezer hilik, ez khaosik, ez itxuraz harago doan konfusiorik; gutxi gora-behera, urmael bat distantzia batetik ikustean lirudikeen bezala da: urmael horretan mugimentu nahasi bat besterik ez genuke nabarituko, eta, nolabait esatearren, arrainen pirpiratzea urmaelaren baitan, baina arrainak eurak modu bereizian nabarmendu gabe. (Theod. Pref. [E. 475 b; 477 b; G. vi. 40, 44].) 70. Ondorioz, agerikoa da ezen gorputz bizidun bakoitzak entelekheia dominante bat daukala, zeina animaleen kasuan arima baita; baina gorputz bizidun honen atalak ere beste izaki bizidunez, landarez, animalez beteta daude eta horietariko bakoitzak ere bere entelekheia edo bere arima dominantea dauka. 71. Baina ez dugu irudikatu behar, nire pentsamentua gaizki ulertu duten hainbatek bezala, ezen arima bakoitzak exlusiboki berari dagokion edo betiko berari lotuta dagoen materia-masa edo materia-portzio bat daukala, eta beraz arima izaki bizidun baxuagoen

Page 13: Monadologia

jabea dela, eta hauek betiko bere zerbitzura destinatuta daudela. Izan ere, gorputz guztiak, ibaiak bezala, fluxu iraunkor batean baitaude; eta parteak jarraikorki sartzen dira euren baitan eta jarraikorki ateratzen dira euren baitatik. 72. Beraz, arimak bere gorputza soilik mailaka eta apurka-apurka-apurka eraldatzen du, halako moduz non inoiz ez den bere organu guztiez kolpe bakarrean gabetuko; eta animaleen baitan sarri gertatzen da metamorphosia, baina inoiz ez Metempsykhosia edo Arimen transmigrazioa; eta, era berean, ez dago gorputzez osoki bereizita dagoen Arimarik, ez-eta gorputzik gabeko Izpiriturik ere. Soilik Jainkoa dago osoki bereizita. (Theod. 90, 124.) 73. Era berean, honetatik ondorioztatzen da ezen inoiz ez dagoela arimaren bereizketa suposatzen duen jaiotza osorik edo heriotza perfekturik. Jaiotza deitzen diegun horiek garapenak eta haunditzeak dira, eta Heriotza deitzen diegun horiek barnebiltzeak eta txikitzeak dira. 74. Philosophoak formen, Entelekheien eta Arimen jatorriari buruz oso harrituta egon izan dira; baina, gaur egun, landareei, zomorroei eta animaleei buruz egin diren ikerketa xeheen ondorioz, ezaguna da ezen naturaren gorputz organikoak inoiz ez direla khaosaren eta putrefakzioaren produktuak; aitzitik, ezaguna da ezen gorputz organiko hauek beti etortzen direla hazietatik, eta, zalantzarik gabe, hazi hauen baitan preformazioren bat bazegoela; eta baieztatzen da ezen gorputz organikoa kontzepzioaren aurretik hor egoteaz gain, gorputz honetan arima bat ere bazegoela, eta, motzean, animalea bera hor zegoela; eta, era berean, baieztatzen da ezen kontzepzioaren bidez animale honek transformazio haundi baterako prestakuntza burutu duela. Transformazio haundi horren bidez, animalea beste espezie bateko animale bilakatuko da. Izatez, horrelako zerbait jaiotzaz besteko zerbait bezala ikusten da: adibidez, zizareak euli bilakatzen direnean bezala, eta beldarrak tximeleta bilakatzen direnean bezala. (Theod. 86, 89. Pref [475 b; G. vi. 40 sqq.] 90, 187, 188, 403, 86, 397.) 75. Kontzepzio bidez animale haundiagoen mailara altzatzen diren animaleak animale spermatiko izenda ditzakegu; aitzitik, animaleen artean maila haundiagora altzatzen ez direnak eta espezie berekoak izaten jarraitzen dutenak ere, hau da, gehiengoa, animale haundiak bezala, jaio, bidertu eta suntsitu egiten dira, eta soilik Hautatu gutxi batzuk pasatzen dira theatro haundiago batera. 76. Baina hau egiaren erdia baino ez da, eta, beraz, nik ondorengoa baieztatzen dut: animalea inoiz naturalki sortzen ez den bezala, animalea ez da inoiz naturalki amaitzen; eta, jaiotzarik ez egoteaz gain, zentzu hertsian ulertuta, suntsikuntza edo heriotza osorik ere ez dago. Eta arrazonatze hauek, zeintzuk-ere a posteriori eginak eta experientziatik atereak baitira, osoki bat egiten dute goian bezala a priori deduzitu ditudan printzipioekin. (Theod. 90.) 77. Ondorioz, esan daiteke ezen ez soilik arima (unibertso suntsiezin baten ispilua) suntsiezina dela, baizik-eta, gainera, animalea bera ere suntsiezina dela, nahiz-eta bere Mekhanêa sarri partzialki hil daitekeen, eta nahiz-eta azal organikoak erantz edo jantz ditzakeen. 78. Printzipio hauek arimaren eta gorputz organikoaren arteko batasuna edo konformitatea modu naturalean explikatzeko bide bat eman didate. Arimak bere lege proprioak jarraitzeen ditu, eta, gorputzak, modu berean, bere lege proprioak jarraitzen ditu; eta bata eta bestea elkarrekiko adostasunera heltzen dira substantzia guztien arteko harmonia aurre-ezarri baten arabera, zeren-eta substantzia guztiak unibertso bakar eta beraren errepresentazioak baitira. (Pref. [E 475 a; G. vi. 39]; Theod. 340, 352, 353, 358.) 79. Arimek, apetizioen, helburuen eta bitartekoen bidez, kausa finalen legeen arabera ekiten dute. Gorputzek kausa efizienteen edo mugimentuen legeen arabera ekiten dute.

Page 14: Monadologia

Eta, bi erresumak, kausa efizienteen erresuma eta kausa finalen erresuma, elkarrekin harmonian daude. 80. Descartes’ek ulertu zuen ezen arimek ezin dietela gorputzei inolako indarrik eman, zeren-eta materian beti indar-kuantitate bera baitago. Aitzitik, berak uste zuen ezen arimak gorputzen norabidea alda zezakeela. Baina Descartes’ek hori uste izatearen arrazona hau da: bere garaian ez zekiten materiaren norabide totalaren kontserbazioa baieztatzen duen naturaren lege bat dagoenik. Descartes horretaz ohartu izan balitz, bera ere nire Harmonia aurre-ezarriaren Systêmara iritsi zatekeen. (Pref. [E. 477 a; G. vi. 44]; Theod. 22, 59, 60, 61, 63, 66, 345, 346 sqq., 354, 355.) 81. Systêma honen arabera, gorputzek (ezinezkoa egia bilakatuta) Arimarik ez balego bezala ekiten dute; eta, Arimek, gorputzik ez balego bezala ekiten dute; eta, biek ala biek, batak bestea influentziatuko balu bezala ekiten dute. 82. Gogoei edo arima razionalei dagokienez, uste dut ezen esan berri dudana egia dela izaki bizidun eta animale guztien kasuan (hau da, animaleak eta Arimak munduarekin batera hasten direla eta munduarekin batera amaitzen direla), eta hala ere animale razionalen kasuan pekuliaritate bat dago: euren Animalekulu spermatikoek, soilik spermatikoak diren heinean, arima arrunt edo sentsitibo soilak dituzte; baina, hautatuak diren horiek, nolabait esatearren, kontzepzio aktual bidez natura humanua erdiesten dutenean, euren arima sentsitiboak arrazonaren mailara eta Gogoen prerogatibara altzatzen dira. (Theod. 91, 397.) 83. Jada aipatu ditut Arima arrunten eta Gogoen artean existitzen diren diferentzietariko batzuk. Jada aipatuez gain, honako hau ere horien artean dago: arimak orokorrean sorkien unibertsoaren ispilu bizidunak edo irudiak dira; baina gogoak, horrez gain, naturaren Jainkotasunaren beraren, edo naturaren Autorearen Beraren irudiak dira: unibertsoaren systêma ezagutzeko gai dira, eta neurri bateraino lagin arkhitektônikoen bidez berau imitatzeko gai dira. Horrela, gogo bakoitza, bere arloaren baitan, Jainkotasun txiki bat bezalakoa da. (Theod. 147.) 84. Honek Gogoei Jainkoarekin nolabaiteko Elkarte bat ezartzea ahalbidetzen die, eta hortik eratortzen da ezen euren eta Jainkoren arteko harremana ez dela soilik inbentore batek bere Mekhanêarekiko daukana (Jainkoak gainontzeko sorkiekin daukan harremana hau izanik), baizik-eta, horrez gain, Printze baten eta bere subdituen harremanaren parekoa ere badela, eta, izatez, aita baten eta bere semeen arteko harremanaren parekoa. 85. Horrela, erraza da ondorioztatzea ezen Gogo guztien multzoak Jainkoaren Hiria konposatu behar duela, hau da, posiblea den Estaturik perfektuena, posiblea den Monarkhêrik perfektuenaren agintepean. (Theod. 146; Abrege, Object. 2.) 86. Jainkoaren Hiri hau, benetan unibertsala den Monarkhia hau, mundu Naturalaren baitako Mundu Moral bat da, eta Jainkoaren lanen artean exaltatuena eta jainkotiarrena da; eta honetan etzatzen da hain zuzen ere Jainkoaren gloria, zeren-eta berak ez bailekukake gloriarik bat ere baldin-eta gogoek bere haunditasuna eta bere ontasuna ezagutuko eta goretsiko ez balituzte. Gainera, Ontasuna bereziki Hiri jainkotiar honekiko harremanean dagoen bitartean, Jainkoaren jakintza eta Jainkoaren boterea oronon manifestatzen dira. (Theod. 146; Abrege, Object. 2.) 87. Goian Erresuma naturalen artean Harmonia perfektu bat existitzen dela erakutsi dugu: kausa Efizienteen Erresumaren eta kausa Finalen Erresumaren arteko harmonia bat. Orain, modu bertsuan, Naturaren erresuma Physikoaren eta Graziaren erresuma Moralaren arteko beste harmonia bat aipatu behar dugu, alegia, unibertsoaren mekhanêaren Arkhitektôtzat jotzen dugun Jainkoaren eta Gogoen Hiri jainkotiarraren Monarkhêtzat jotzen dugun Jainkoaren arteko harmonia bat. (Theod. 62, 74, 118, 248, 112, 130, 247.)

Page 15: Monadologia

88. Harmonia honek Naturaren bideen bidez gauzak Graziarantz joatea eragiten du, eta, adibidez, globo hau Gogoen gobernamentuak eskatzen duen uneetan modu naturalean suntsitu eta berritu behar izatea; batzuk zigortuz, eta beste batzuk sarituz. (Theod. 18 sqq., 110, 244, 245, 340.) 89. Era berean, esan daiteke ezen Jainko Arkhitektôak arlo guztietan Jainko Legegilea asebetetzen duela; eta ondorioz bekatuek euren zigorra behar dutela, naturaren ordenaren bidez; bai-eta gauzen egitura mekhanikoaren bertutez ere; eta, era berean, akzio onek euren sariak erdietsiko dituztela, gorputzei dagokienean mekhanikoak diren bideen bidez; eta, hala ere, honek ezin du beti immediatuki gertatu, eta ez du hala izan behar ere. 90. Azkenik, gobernamentu perfektu honen pean ez da akzio on saritugaberik egongo, ez-eta akzio txar zigortugaberik ere: eta guztiak erdietsi behar du onak direnen ongizatea; hau da, Estatu haundi honetan atsekabe ez direnena, euren egitekoa egin ondoren Probidentziaz fidatzen direnena, ontasun osoaren Autorea behar bezala maitatzen eta imitatzen dutenena, eta bere perfekzioen kontenplazioan plazera aurkitzen dutenena, benetako maitasun puruaren bidea jarraituz, alegia, maitatuen zorionean plazera aurkituz. Honek jende jakintsu eta bertutetsua Jainkoaren borondate presuntibo eta antezedentearekin harmonian dagoela ematen duena lantzera eramaten du; eta hala ere Jainkoak bere borondate segeretu, kontsekuente eta positiboaren bidez gertarazten duen ororekin pozik egotera eramaten ditu. Horrela, onartzen dugu ezen, baldin-eta unibertsoaren ordena sufizienteki ulertu ahal izango bagenu, ordena honek humanu jakintsuenen desira guztiak gainditzen dituela aurkituko genukeela, eta, era berean, unibertsoa den baino hobea izatea ezinezkoa dela aurkituko genukeela; ez soilik osotasun bezala eta orokorrean, baina bai-eta guretzat partikularrean ere, baldin-eta, behar dugun bezala, guztiaren Autoreari atxikitzen bagatzaizkio, ez soilik gure izatearen Arkhitektô eta kausa efiziente bezala, baizik-eta gure Maisu eta kausa final bezala, zeinak-ere gure borondatearen helburu osoa izan behar bailuke, gure zoriona berak bakarrik ekar baitezake. (Theod. 134, 278. Pref. [E. 469; G. vi. 27, 28].) 07:14 2015 12 21 Donostian, Nabarroan, Eurôpêan, Lurrean, Kosmosean Bingen Hareitzederra Ereintzun

Page 16: Monadologia

Ithurria Saila