Post on 18-Jan-2020
EGIAREN BILA
Egia, askatzailea
Gogamenaren lana, noski, egia aurkitzea da. Egia da aska gaitzakeen gauza bakarra,
errorea baita lotzen gaituena. Zer da egia gizakiarentzat? Zer da benetakoa eta erreala?
Beste gauza baten mendean edo baitan ez dagoena, bere kabuz eta beti dena. Irizpide
horren barnean sartzen dena bakarrik da egia. Beste inoren edo ezeren mende dagoena
erlatiboa da. Hasi, aldatu eta bukatzen den oro, ordena fenomenologiko erlatiboan dago,
eta ez daiteke esan, bere kabuz eta bere baitan, existitzen denik. Jaio eta hiltzen dena
fenomenikoa da, ez dio erantzuten errealitate errealaren oinarrizko exijentzia horri.
Baina pertsonak bere gogamena, izatea eta kontzientzia aztertzen dituenean, ohartzen da
badela zerbait konstantzia-irizpide horren barnean sartzen dena. Zerbait hori
subjektuaren nozioa da. Ni, ni naizelako nozioa.
Hortaz, gizakiaren errealitate esentziala zein den jakin nahi badugu, subjektuaren bere
baitako nozio, intuizio edo bizipena ikertu beharko ditugu.
Begi-bistakoa da objektua ez daitekeela errealitate erreala izan, objektua edozein dela
ere, hautematen duen subjektuaren menean baitako objektu hori.
Nik gauza bat ikusten dudanean, "gauza" bat ikusten dut; bai, baina zergatik ikusten
dut? Norbait dagoelako, aurrean, gauza hori ikusteko ahalmenarekin. Baina hautematea
eta ezagutza bi gauza dira ala bakarra da? Ongi begiratzen badugu, ikusiko dugu,
ezaguturiko gauza, ezagutza-forma dela; ondorioz, ez dira bi gauza. Ezagutza eta gauza
ezagutua bereizezinak dira, zeharo uztartuak daude elkarrekin.
Ez dago ezagutzarik ezagutza-objektutik kanpo. “Ezagutza” abstrakzioa da; egotez
gauza ezagutua baino ez dago. Badago beste ezagutza-forma bat ere: subjektuarena.
1
Beraz, ezagutza-forma bati objektua deitzen diogu, eta besteari, subjektua. Gero,
erlazioa ezartzen dugu bien artean, eta ezagutza-ekintza deitzen diogu erlazio horri.
Baina ezagutza-ekintza, subjektu ezagutzailea eta objektu ezagutua ez dira ekintza
sinple baten hiru forma baizik. “Ezagutza” da ekintza sinple hori.
Errealitatearen nozio bakarra dago gure baitan. Errealitatearen nozio bakar horri, gure
gogamenak, izen diferenteak ematen dizkio, zeren bidez hautematen duen begiratuta.
Errealitatearen nozio hori barne ildotik, geure baitatik, hautematen dugunean, “ni”
deitzen diogu. Errealitatearen nozio hori kontzientziaren goi bideetatik barrena
hautematen badugu, hori “Jainko”, “Adimen Unibertsal” edo egoki iruditzen zaigun
beste edozein eratan izendatuko dugu, baina errealitatearen nozioa berbera da. Eta
organo sentsorialen bidez hautematen badugu, berriz, “Existentzia”, “Mundua”,
“Unibertsoa”... deituko diogu, baina, ostera ere, errealitatearen nozioa bakarra da.
Errealitatearen intuizioa sentimendu sakonaren bidez hautematen denean, sentimendu
hori da, guretzat, errealena. Momentu bakoitzean, guretzat, gauza jakin bat da erreala:
pertsona, egoera, ideia edo dena delakoa. Baina, ondo begiratzen badugu, errealitatearen
nozioa gure barrendik irteten da beti. Momentu batean gauza bat interesatzen zaigu, eta
bestean, beste bat. Errealitatearen nozioa berezkoa da, giza izateari atxikia, baina kontua
da nozio hori, gure kontzientziak edo gogamenak, forma diferentean proiektatzen duela.
Horrek egiten du elementu, objektu edo forma mental bat, momentu jakin batean beste
batean baino inportanteagoa izatea.
Adibiderik egokiena Jainkoa da. Fededunarentzat, ongi dagoenean, gauzarik
garrantzizkoena Jainkoa da; hagineko minez dagoenean, ordea, mina kentzea ipintzen
"Jainkoaren gainetik". Horrek esan nahi du errealitatearen nozioa ez dagoela objektuan;
izan ere, hala balitz ez litzateke aldatu eta batetik bestera ibiliko. Gauzak erreala ematen
du, baldin eta, eta soilik baldin eta, neu objektu horretara proiektaturik banago.
Gauza bati, funtsean nirea den errealitatea atxikitzen badiot, benetako mitoa sortzen ari
naiz. Gure mentalitate osoa desmitifikatu eta errealitatea, zinez dagoen tokian, aurkitzen
ikastea da errealitatea benetan bizitzea.
2
Jakina, ez gara ari gauzek beren baitan duten errealitateaz, baizik eta "nik" errealitatea
nola hautematen dudan objektu jakin batean. Kontu honetan, daltonikoaren antza dugu:
daltonikoak eta “nik” ez ditugu berdin ikusten kolore batzuk, baina bakoitzak
errealitateari buruzko bere nozioaren arabera ikusten du.
Zorionaren atzetik
Ohartuki edo oharkabean, mundu osoa zorionaren bila dabil. Aurkitu,
ordea, badirudi gutxik aurkitzen dutela. Zorion-bidea bizi daiteke
subjektu-objektuen arteko erlazioari bidez. Kasu honetan, "ni" izan
daiteke subjektua eta Jainkoa, aldiz, objektua, Zorion a absolutu gisa. Orduan, erlazio
afektiboa sortzen da.
Maitasun bidea eta forma erlijiosoak bi gauza dira. Maitasuna ez da zorionaren berezko
espresioa baizik. Izakia eta izatea zorion purua dira. Bakar-bakarrik, apur bat
zentraturik egon behar dugula. Buru-gogamena lasaitu, pentsamendua uxatu eta arreta
ipini. Orduan, garbi ikusiko dugu egon gozo eta atseginaz jabetu garela. Zenbat eta
zentratuago egon, hainbat eta sakonagoa da atsegina. Ongizatearen nozioa jaioko da.
Problema da buru-gogamenean murgildurik bizi garela, buru-gogamen zatitua;
partzialtasun gisa, parte bat bagina bezala, bizi dugu gure errealitatea, eta bestearen bila
gabiltza beti, osotasunera iristeko. Uste dugu ez gaitezkeela zoriontsu izan, zoriona ez
badator besteagandik guganantz. Eta ez da horrela. Maitasun, atsegin eta zoriona
sentitzeko gaitasuna gure baitan dago, eta ez kanpoan. Kanpotik estimulua jaso
dezakegu, inoren portaera amultsuaren bidez. Baina zoriona da gure izate sakona;
horren adierazle edo espresio da kanporatzen duguna.
Zoriona, beste edozer bezalaxe, susta daiteke. Gimnasiaren bidez soina lantzen dugun
eran, zorion-bidea lantzeko ere egin dezakegu ariketa: maitasuna eskaini, gozamena
sortu... Gure barnean baldin badago, eta lantzen badugu, potentzial hori martxan
3
ipintzen ari gara. Horretarako, zoriona geure barnean dagoelako konbentzimendu osoa
behar da, ebidentzia eta erabakiarekin batera.
Ohartzen bagara, maitasuna, gozamena eta zoriona, gauza beraren hiru fase dira:
maitasuna zentzu erlazionalean; gozamena, barne egoera gisa; zoriona, bere baitako
errealitate erreal moduan. Inor maitatzeak esan nahi du besteaz interesatzea, besteari
ongi deseatzea, bestearen garrantzia aintzat hartzea. Maitasuna bakarra da, gu haren
forma partikularrak gara; maitasunak erdi-erditik lotzen gaitu. Zuzen esateko, esan
beharko genuke zoriona dela, eta maitasuna zorionaren adierazlea edo espresioa.
Hirietako plaza batzuetan, iturria egoten den. Hondoan putzu handi bat dago. Ura
botatzeko txorro asko ditu. Forma asko osatuz botatzen ura behetik gora, eta berriro
askara itzultzen da. Ur bera da bueltaka dabilena, baina forma diferenteak osatzen ditu
uneoro, behetik gora jauzi egitean. Maitasunak ere horrela funtzionatzen du: bakarra da;
forma asko hartzen ditu, maitasun-objektuaren arabera.
Hasieran, maitatuak izan gaitezen maitatzen dugu. Beste bat aurkitu nahi dugu,
zoriontsu senti gaitezen. Baina horrek maitasunetik ezer gutxi du. Maitasun
egozentratua da hori, umeena bezalakoa. Jakina, umeek hori beharrezkoa dute. Aitzitik,
pertsona helduarengan ez da infantilismoa baizik. «Ni maite baldin banau, nik
maitatuko dut bera; baina, bestela, ez. Zure betebeharra da ni zoriontsu egitea; zurekin
zoriontsu ez banaiz, ez zaitut maite.»
Maitasuna "nire kontua" da, ordea. Nire ekimena izan behar du, besteak nola
erantzungo duen begira egon gabe. Den bezala errespetatu eta maitatu behar da bestea.
Horrela haziko gara maitasunean, eta pertsona moduan. Ondo izateko, ez nuke ezer
espero izan behar bestearengandik, diferentea izatea onartu. Baina diferentzia horien
azpian zer dago? Bada, batzen gaituzten guztia. Bereizten gaituzten formak gorabehera,
Bat gara sakon-sakonean. Maitatzen dugun neurrian topatzen dugu gure barne
sakontasuna, eta sakontasun hori topatzen dugun neurrian atzematen dugu gure izate
esentziala; gure maitasuna eta atsegina sortzen diren tokia, Izaki/Izatearen Zorion purua
direna.
4
Maitasuna bakarrik maita dezakegu. Baina baditu etapa batzuk. Lehenik, formak
maitatzen ditugu: emakume bat, ideia bat, mendi eder bat, udako gau ilargitsua, musika,
ipuina, bertsoa, animalia... Hala ere, bereizketa bat edo, agian, galdera bat egin nahi
nuke: maitasun-objektu gisa, kategoria berekoak al dira pertsona eta gauzak? Pertsonen
arteko erlazio nagusia maitasuna da. Baina edertasunarekiko erlazio nagusia, emozioa
da.
Gero ohartzen gara maitatzen duguna ez dela forma, baizik eta formak sentiarazten
diguna. Orduan zer maite dugu? Maitasuna bera, emozioa. Baina aurrera goazen
heinean, jabetzen gara ez dela maitasuna maite duguna, baizik eta Izaki/Izatea.
Laburtuta esateko, formekiko maitasuna, maitasunarekiko maitasuna, Izaki/Izatearekiko
maitasuna, zeinen adierazle edo espresio maitasuna den.
Ikusten dugu, beraz, dena Izaki batengandik iristen zaigula, Identitate bakar batetik,
Gorengoa. Autorrealizazio-lana ez da esperientzia berrien bila jotzea; baizik eta
esperientziaren azken Subjektua aurkitzea. Gure barne garapena gidatu behar duena da
Gorengo Identitatea sortzen den zentroa, dela lehen pertsonan, dela inpertsonalki bizi
dugun subjektuaren izenean, zeini deitzen diogun Jainkoa edo bere baitako Izakia.
Meditazioa, sentitu
Meditazio eta teknika bidez gure barnea lantzen dugunean, halako gozamen eta
baretasuna sentitzen ditugu. “Ni-ideia”z aparte beste zerbait hautematen hasten gara.
Baina eguneroko jardunera itzultzen garenean, munduaren eragina, betiko pertsonak,
egoerak... datoz gurena, eta betiko "egoa" azaltzen da.
Lana behar bezala egiten ez denean gertatzen da hori. Gure barne sakontasunean bizi
dezakegu “ni”aren eta “ez-ni”aren (objektuen) batasuna. Ulertuko beharko genuke
jarduna, beti ere, iturburu sakonean jaiotzen dela. Jarduna da, nola ez?, gure izatearekin
hertsiki lotua dagoen zerbait.
5
Jarduna, beste ezeren aurretik, behar biologiko eta psikologikoen ondorioa da: mugitu
beharra, jan beharra, beharrak ase, atsegina, kanpoko estimuluei erantzun...
Zeren bila gabiltza jarduten dugunean? Beharturik gaude lan egitera. Lana badakigu
zertarako egiten dugun: gure behar ekonomiko eta materialak asetzeko. Baina ez al
dugu lanaren beraren premiarik, zeharkako xederik gabe, sentitzen? Lan profesionalaren
bidez baino areago, dibertimendu eta hobbyen bidez asetzen dugu behar hori.
Dena dela, motibazioa dirua eta abar baldin badira, lana gogorra egingo zaigu, eta
problemak sortuko zaizkigu. Pertsona batzuk, bizitza osoan, eskailera-maila
horretan geratzen dira. Lanak, bere baitan, motibatzen ez bagaitu, gorriak
ikusteko gaude. Ohitura hartzeak salba gintzake, baina ez erabat. Nik neu
lanean, bizitzako zatirik handienean, gustura aritu naiz. Bestetik, lan
profesionalak erabat asetzen ez gaituenean, ordezkoak aurki daitezke. Niri izugarri
gustatzen zait irakurtzea eta idaztea. Horrek bizi nau neurri handian. Gainera, batek ez
du ikasi behar profesionalki hobeto kokatzeko bakarrik, baizik eta, "egunero lanaz
kanpo", autorrealizatzeko. Gehiago oraindik; lanean gustura aritzeaz gain, inportantea
da bizitzaren zentzu bila saiatzea. Batek, filosofia ikasi arren, lan egin lezake bulego
batean; baina filosofiak, jakintzak, balio behar dio bizitzari buruz gogoeta egiteko,
disfrutatzeko, karta-jokoan bakarrik aritu gabe.
Arriskuak ere baditu. Lanean gustura ez dabilen jende asko, halabeharrez, politikan edo
erlijioan sartzen da, eta frustrazioak horrela gainditu; sarritan, besteak mendean hartuta
gainditu nahi izaten dituzte.
Badira alderantzizko esperientziak ere. Zenbaitentzat, lana da dena. Lanaren bidez lortu
nahi ditu fama eta ospea. Eta lanak huts egiten dionean, frakasatu sentitzen da. Gauza
guztietan bezala, ezinbestekoa da oreka aurkitzea. Egokiena da motibazioak eta egiten
ari garena bat etortzea. Umeek, jolasten dutenean, gustura sentitzeko bakarrik jolasten
dute, eta ikaragarri gozatzen dute. Baina txapelketan batean parte hartu behar badute,
eta sailkapena egin, orduan urduri jarriko dira. Badira anonimatuan gehiago gozatzen
6
duten pertsonak. Beldurra ematen die beren izena nonbait azaltzeak. Ondorioz, irabazi
beharra sentitzen dute. Horixe nahikoa da gaizki pasatzeko.
Gauza barrendik, bere kasa, ateratzen zaigunean, ez da gertatzen horrelakorik, ez
baitugu egiten atentzioa emateko, baizik eta atsegin hutsez. Pertsona askok uste dute
gustura egiten dutela lana, beste bati on egiten ari direlako. Baina pertsona batek ez
dezake onik egin, egin duen horrek atseginik ematen ez badio. Nik askotan ipini dudan
adibidea da: nik bertsolaritzaren alde egiten nuen lana ez zen, gure kultura edo herriaren
alde gauza handia egiten ari nintzen kontzientziagatik, baizik bertsoa gustatzen
zitzaidalako; beraz, meritua oso erlatiboa da. Sarritan entzun izan dugu, geure buruaz
ahaztu eta bestearen alde eman behar dugula dugun guztia. Bestearen alde ez da posible
ezer ematea zeure buruarekin adiskide eta gustura ez bazaude. Eman eta eman bakarrik,
depositua agortu egiten da; behar da iturburu bat ura depositura jaulkiko duena. Gure
barnean ere, emateko, sortu egin behar da. Ezinbestekoa da ekintza autoesprezio gisa
bizitzea, emaile nahiz hartzailearentzat probetxugarri gerta dadin.
Bibliografia: Martínez Lozano, Blay, Cavallé, Krisnhamurti, Wilber, Domínguez Morano, Osho, Deepak Chopra...
7